Proiektuak LH

EKI PROIEKTUA

Euskal Curriculumaren garapenerako jaio den lehen ikasmateriala da EKI, 2013-2014 ikasturtean DBH 1. mailan abiatu zena eta gaur egun LH4, LH5 eta LH6. mailatan ere lantzen dena.

Curriculum horrek agintzen duen moduan, konpetentzietan oinarritutako ikasmateriala darabil metodologia berriak. Gainera, integrazioaren pedagogia bultzatzen du, hau da, ikasleak benetako egoera esanguratsuen aurrean jartzen ditu eta irtenbideak aurkitzen ikasten dute, gelan ikasitakoa gero egoera berrietan baliatzeko. Edozein bizitza-egoeratan konpetentea izatea lortu behar du ikasleak: pentsatzen eta ikasten, komunikatzen, elkarrekin bizitzen, norbera izaten eta egiten eta ekiten jakin behar du.

EKIk honako ezaugarriak ditu:

          * Konpetentziak landuz ikasi eta irakasten da. Bizitzako egoera eta eremu guztietan (pertsonala, soziala, akademikoa, lanekoa) eraginkortasunez jarduteko prestatzea da helburua.

          * Euskal kultur ibilbidean eta curriculum ofizialetan oinarritzen dira. Ezagutzak (kontzeptuzkoak, prozedurazkoak) euskarri dira, ikastea beharrezkoa da, baina ez da nahikoa.

          * Ikasgai guztietan prozedura bateratua da. Modu koordinatuan burutzen dira unitate didaktikoak sei ikasgai nagusietan.

          * Euskara ardatz duen hizkuntzen planteamendu integratua egiten da, ikasgai guztietatik heltzen zaio konpetentzia linguistikoari.

          * Informazio eta komunikazio teknologia berriak erabiltzen ditu, ikasgai guztietan.

MATEMATIKA MANIPULATIBOA

Lehen ziklotik hasita, eta urtero maila bat gora eginez, LHko etapan matematika ikasgaia progresiboki modu manipulatiboan landuko da. Metodologia honen onurak azpimarragarriak dira:

Ikasleek beraien inguruan gertatzen dena abiapuntutzat hartuta eta material erakargarria eta motibatzailea erabiliz, behatu, ikertu esperimentatu, manipulatu, hipotesiak egin, bide ezberdinak probatu, estrategiak pentsatu, eztabaidatu eta egindako prozesua zein lortutako emaitza ahoz eta hizkuntza matematikoan adierazten dituzte. Ikaske bakoitzaren garapenerako aproposa den eskaintza mailakatua egiten da.

Modu honetara matematika ulergarria eta dibertigarria bihurtzen da.

IKASKUNTZA KOOPERATIBOA

Metodologia honekin erraztu egiten da ikasle guztien parte hartzea, ikasle bakoitza ikasketa prozesuaren protagonista bihurtzea, ikasle bakoitzaren beharretara egokitu ahal izatea, ikastola inklusiboa ahalbidetzea, elkarrekin lan egiten ikastea, “bestea” onartzea eta harremanak eta giroa hobetzea.

Ikaskuntza kooperatiboa lan egiteko modu bat da, jarduera garatzen ari diren bitartean, batzuek besteekin lan egitera, elkar aintzat hartzera eta elkarri laguntzera eramaten dituena. Jardunbide bat zehazten da ikasle guztiek neurri berean parte har dezaten eta elkarreraginean aritu daitezen.

Ikasketa kooperatiboa arloko helburuak lortzeko lan egiteko modu bat izateaz gain, hainbat helburu metadiziplinar lortzeko baliagarria da: taldean lan egiten ikasi, kideekiko errespetua izan, iniziatibaz jardun... Alegia, ikasteko kooperatu eta kooperatzen ikasi.

ELEANITZ PROIEKTUA

Eleanitz 1991n Ikastolen Elkarteak sortu zuen proiektu bat da, ikasleak Europa eleanitz eta kulturaniztun bateko etorkizuneko herritar gisa hezi eta prestatzeko. Praktikan, euskara eta gaztelaniaz gain ingelesa eta frantsesa barne hartzen ditu esparru metodologiko eta curriculum komun batean. Hizkuntza-proiektu integratu hau 4 - 16 urte dituzten ikasleei bideratua dago, eta hizkuntza horiek irakasteko eta ikasteko curriculumak, materialak eta prestakuntza barne hartzen ditu.

Berezitasuna ingelesaren irakaskuntza goiztiarrean eta bigarren hezkuntzan ikasgai batzuk ingelesez lantzean datza. Frantsesari dagokionez, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren hasieran hasten dira ikasle guztiak hizkuntza hau ikasten.

Zurriola Ikastolan egiten dugun irakaskuntza ele-askotarikoaren planteamendua honako hau da: