Skip to main content

Nerabeak, sare sozialak eta osasun mentala

“Nerabeen garrasia. Osasun mentala aldaketa garaian” liburua argitaratu dute Telmo Lazkano eta Eider Ormazabalek, mugikorren eta sare sozialen erabilera desegokiak nerabeen osasun mentalean duen eraginari buruzko liburua. Teknoiz Taldetik liburu honen eta liburuaren harira egindako elkarrizketaren berri eman nahi dizuegu guztioi, gurasoon paperak guzti honetan berebiziko garrantzia baitu:

 

NERABEEN GARRASIA

 

Oso interesgarria iruditzen zaigun liburu baten berri eman nahi dizuegu; “Nerabeen garrasia. Osasun mentala aldaketa garaian”. Telmo Lazkano eta Eider Ormazabal dira idazleak eta urrian argitaratu da.

 

Liburuaren harira elkarrizketa bat egin zieten Euskadi Irratiko Faktoria saioan asteartean bi idazleei. Nerabe eta gurasoen testigantzak ere jasotzen dira bertan. Hemen duzue entzungai

 

Mugikorren eta sare sozialen erabilera desegoki batek nerabeen osasun mentalean duen eragina agerian uzten dute liburuan, eta egoera benetan kezkagarria azaleratzen dute. Bakardadea, adikzioa, isolamendua, suizidoa, depresioa, antsietatea, elikadura-nahasmenduak, autoestimu baxua, 9 urterekin pornografiarekin lehen kontaktua topatuko ditugu liburuan, besteak beste. Arazo mental horiei aurre egin dien nerabeen benetako testigantzak ere jaso dituzte. Bukatzeko tresna eta estrategia ezberdinak eskaintzen dituzte mugikorraren erabilera osasuntsua sustatzeko. Bost zutabe jorratzen dituzte horretarako. Lehenengo, adina errespetatzearen garrantzia azpimarratzen dute (16 urte da adituen gomendioa). Baina adina atzeratzeak bakarrik ez duenez ziurtatzen mugikorrarekin harreman osasuntsu bat eraikiko denik, honakoak ezinbestekotzat jotzen dituzte: heziketa integrala, bidelagun eta eredu izatea, aplikazio seguruak eta legedia koherente bat ezartzea eta gaitasun emozionala lantzea.

 

Gurasoon paperak guzti honetan berebiziko garrantzia du. Gurasoen arteko sare bat osatu eta taldean bat eginda jokatu behar dugu, gure seme-alaben ongizatearen alde. Laister bidaliko ditugu galdetegiak geletara, dagokien mailetara, denon artean adostasunetara irits gaitezen.

 

TEKNOIZ - ZURRIOLA IKASTOLAKO GURASO ELKARTEA