Skip to main content

Albisteak

DBH
Bizikidetza-taldea martxan dugu ikastolan. Azken urteotan bezala, ikastolan giro osasuntsu baten alde lanean ari gara, eta, horretarako, honezkero abian ditugu Bigarren Hezkuntzako ikasleen bizikidetza-taldeak. Horrez gain, iaz bizikidetzaren inguruan egindako galdetegiak aztertu ditugu, beharrak identifikatu eta horiek lantzen hasi gara. Aurtengo bakarkako galdetegia ere bete dute ikasleek, talde berrietan nolako giroa dagoen jakiteko.
ESKOLA KIROLA
Azaroaren 21ean Eskola Kiroleko saio bereziak burutuko dira LH3. LH4, LH5 eta LH6ko ikasleentzat. Informazio gehiago duzue hemen, eta izena emateko azken eguna azaroaren 16a izango da, 14:00ean.
DBH-BATX
Abenduaren 26tik 30era, Ahots Baten Sormen Egonaldia egingo da Arantzako aterpetxean, 15 eta 22 urte bitarteko gazteei zuzenduta. Euskaltzaindiak antolatuta, Ikastolen Elkartearen eta Bertsozale Elkartearen laguntzarekin, gazteek bertsolaritza, literatura, kantagintza eta antzerkia landuko dituzte, hainbat sortzaile ezagunen eskutik. Euskaraz sortzeko, esperimentatzeko eta lagun berriak egiteko aukera paregabea! Izen-ematea zabalik dago abenduaren 4ra arte.
HH-LH
INIKAren sartzearekin batera, beste aldaketa bat datorkigu. Orain arte HH2tik LH2ra bitarteko ikasleei Googleko eposta elektronikoko kontua sortzen zitzaien, familien erabilerarako. Bertan, gelako ikasleen argazkiak edota guraso-bileretarako izen-emate taulak partekatu ohi ziren. Hemendik aurrera, INIKAko mezu baten bidez jasoko dituzue bata zein bestea.
DBH3
DBH3ko Ongizate Fisiko eta Emozionaleko ikasleek, Euskaran egindako ipuinak oinarri hartuta, mimika eta musika erabiliz antzerki laburrak sortu dituzte eta LH1 eta LH2koei aurkeztu dizkiete.
BATX2
Batxilergo 2. mailako ikasleek orientazio akademikoko saioak eta hainbat zentroren bisitak jaso dituzte abendutik hona, eta orain gurasoen txanda da. Izan ere, gurasoek ere prozesu honetan parte-hartze oso garrantzitsua izaten duzue. Hortaz, zuen ezagutza areagotzeko asmoz, urtarrilaren 28an egingo dugun orientazio akademikoaren informazio-bilerara deitzen zaituztegu. Izen-ematea.
OROKORRA
Abenduaren 24ko Olentzero eta Mari Domingiren kalejirako, Haur Hezkuntzan HH3n, HH4n eta HH5en eta Lehen Hezkuntzan LH1n, LH2n eta LH3n, gela bakoitzeko 2-3 guraso boluntario behar ditugu, gelako erreferentziazko pertsona gisa aritzeko. Haien eginkizuna gelako taldea kalejiran zehar gidatzea, dagokien tokia hartzen laguntzea eta abestien letrak banatzea izango da. Ez dira umeen zaintzaz arduratuko; ume bakoitzak bere gurasoekin edo zaintzailearekin egon beharko baitu eta. Boluntario gisa parte hartzeko prest zaudetenok, idatzi taldean, eta guraso-ordezkariak gela bakoitzeko erreferente nor den adieraziko du helbide honetara mezu elektroniko bat bidaliz abenduak24@zurriolaikastola.eus.
OROKORRA
Aurten ere, Xiberuko Ikastolei laguntzeko aukera izango dugu bertako gurasoek ekoitzitako produktuekin osatutako Gabonetako saskiak erosiz. Ikastolen arteko elkartasuna adieraziz eta Iparraldeko ikastolei bultzada emateko asmoz, aurten ere Zurriola Ikastola produktu horiek jasotzeko gunea izango da. Eskaerak egiteko epea azaroaren 22ra arte izango da. Egin zuen eskaerak www.ikaskoli.eus gunean!