Abesti hauetako zenbat ezagutzen dituzue? Asmatuko zenukete bigarren ahotsak sortzen? Hemen duzue 1. hiruhilekoko kantutegia, mailaz maila. Hiruhileko honetan zehar geletan landuko ditugu, baina zuek ere berotu ahots-kordak eta hasi kantuan etxean! Egin dezagun elkarrekin bidea!
Albisteak
GURASOAK
Pasa den asteartean Ategorrietan bildu ginen geletako guraso ordezkariok, eta abiapuntua jarri genion aurtengo gure bideari. Elkar ezagutu eta lantaldeak sortu genituen, hemendik aurrerako lanei hasiera emateko. Guraso guztien bidelagun izango gara ikasturte honetan!
LH1
Astelehenean udazkenean sartuko garela ospatzeko, LH 1eko lagunok hostoak biltzen aritu gara Uliako Lore Baratzetan gaur goizean! “Zirri-zirri zar, zirri-zirri zar, hantxen ibili nintzen. Zirri-zirri zar, zirri-zirri zar, hosto denak zapaltzen”. Gora udazkena!
BATX
Batxilergoko lehenengo mailako ikasleak Hiritarron Harrera Sareari laguntzeko proiektu bat abian jartzen ari gara. Aurreko astean Ixiar Gonzalez, sare horretako boluntarioa, etorri zitzaigun beren lekukotza eman eta berengana laguntza eske jotzen dutenen egoera zein den kontatzera. Orain gure txanda izango da, laguntza emateko bideak sortzeko.
OROKORRA
Igande honetan ospatuko da Nafarroako Ikastolen aldeko jaia Atarrabian, eta gu ere beroketa-lanetan aritu gara aste honetan! “Buruz, bihotzez, oinez” lelopean, Paz de Ziganda Ikastolak ibilbide eta egitarau polita prestatu ditu iganderako, eta larunbatetik joan nahi duenarentzat Oinez Asteburua ere izango da. Ospatu ditzagun Ikastolak!!
GURASOAK
Gipuzkoako Foru Aldundiak gurasoentzako prestakuntza-ekimena jarri du martxan aurten ere. Programak, gurasoak hezkuntza-gaitasunetan trebatuz, haurren eta nerabeen bizi-kalitatea eta aukerak hobetzea du helburu. Urria eta azaroan 3 hitzaldi izango dira: "Nola hitz egin heriotzaz gure haur eta nerabeekin", "Anai-arreben arteko gatazkak nola kudeatu?" eta "Pornografia gaur egungo sexu heziketa ote?".
OROKORRA
Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, ehunka sinatzailek Batuz Aldatu itun soziopolitiko berria sinatu zuten irailaren 26an. Sinatzaileen artean daude Ikastolak ere, euskararen etorkizuna bermatzeko ezinbestekoa den jauziaren nondik norakoa proposatzeko borondatez! Hemen duzue informazio guztia jasotzen duen albistea.
OROKORRA
Aurten ere, Iparraldeko Ikastolen Elkarte den Seaskaren egutegiak jasoko dituzue LH 4tik gora seme-alabak dituzuen familia guztiek. Kobraketa (4€) abenduko erreziboan egingo zaizue. Familiaren batek EZ badu egutegia eskuratu nahi, bete galdetegi hau urriaren 17a baino lehen, mesedez.
Pagination
- Previous page
- 33 orria
- Next page