Skip to main content

ETAPAREN EZAUGARRIAK

Haur Hezkuntzako etapako Ikastolen Elkarteko hIZAN marko pedagogikoak azaltzen duen bezala, haurraren garapen osoaren ikuspegitik, haurra ulertzeko moduaren oinarrizko printzipioak dira ondorengoak:

  • Errespetua haurraren izate osoari. Haurra bizitzaren lehenengo unetik pertsona aktiboa, bizia, sentikorra eta harbera da. Haur bakoitzak bere garapen-erritmoa dauka.
  • Konfiantza haurraren berezko garapen-ahalmenean, bere jarduera autonomoa ahalbidetu eta errespetatuz, prozesuak ez aurreratuz eta haurra bere bizitzako protagonista dela onartuz.
  • Haurraren ziurtasun fisikoa eta emozionala bermatu behar dugu, mugimendu eta ekintza autonomo librean garatzeko behar dituen baldintzak eskainiz eta bere beharrekiko sentikortasuna adieraziz.

Hau guztia honela izanik, hezitzaileak haurraren ondoan egon behar du, bere bidelagun izan behar da. Haurrak erreferente baten beharra du, segurtasuna emango diona, ekintza autonomoan aritzeko, esplorazio, esperimentazio zein jolas librean.

Kontutan hartu beharreko beste ezaugarri batzuk izango dira:

 

Haurrak mundua modu subjektiboan interpretatuko du, bere nahi eta beharren arabera. Poliki-poliki besteek ere beren nahiak eta beharrak dituztela ulertzen joango dira. Hau horrela, oso ohikoak diren haserraldiak gertatzen dira, beren nahi edo desio baten aurrean ezezko erantzun bat edo muga bat jasotzen dutenean, adibidez. Denborarekin eta helduaren laguntzaz frustrazioa bizitzen eta hau onartzeko gaitasuna garatuko du; egozentrismoa gaindituz joango da.

  • Jolasa: adin honetako haurren ekintzaren adierazpen nagusia da. Jolasaren bitartez inguruan duen guztia harakatuko du eta aurkitzen duen guztia ukitu, manipulatu eta esperimentatuko du. Haurraren jakin-minak ez dauka mugarik eta helduon lana izango da hau bizirik mantentzeko bitartekoak eskaintzea. Jolasaren eta jakin-minaren bidez bere pentsamendu logikoaren oinarriak eraikiko ditu haurrak, kontzeptuak erlazionatzeko, aldaketak ulertzeko eta ondorioak ateratzeko gaitasunak, alegia. Jolasaren bitartez haurra maila guztietan garatuko da: motorea, psikologikoa, kognitiboa eta soziala.
  • Haurrak adin honetan gidatutako jarduera batean arreta mantentzeko gaitasuna mugatua da. Honek, helduok proposatzen dizkiegun jardueretan eragina izango du, honen iraupenean eta intentsitatean.