Skip to main content

Metodologia

Haurraren mundura gerturatzen eta hau errespetatzen saiatzen gara eta jakin badakigu haurra jolasaren bidez ezagutzen duela bere ingurua eta irekitzen dela mundura. Hau honela, gure espazioetako proposamenak jolasa du ardatz. Ekintzan oinarritutako ikaskuntzari ematen diogu garrantzia eta sortuko zaizkion erronka berriei aurre eginez era esanguratsuan ikasiko du. Haurrak bere interesetatik ikasten baitu, horrek pizten du bere barne-motibazioa, eta beraz hezitzaileak adi egoten gara gure proposamenean beharrezkoak diren aldaketak egiteko. Hautatzeko aukerak ematen dizkiegu haurrei, autonomiaz jokatzeko, honetarako espazioetan mugitzeko eta adin desberdinetako haurrekin harremantzeko aukerak zabalduz.

 

Guztion helburu nagusia haurraren ongizatea da eta horregatik gure heziketa lanarekin konprometituta gaude. Ikastolen elkarteko hainbat ikastola bezala, gu ere hausnarketa pedagogiko sakon batean murgilduta gaude, ikastolako gure proposamena etengabe aztertuz eta egin beharreko hobekuntzak eginez.

 

Gure proposamen pedagogikoa Ikastolen Elkarteak Haur Hezkuntzarako duen hIZAN marko pedagogikoan eta aurretik aipatutako haurraren ezaugarrietan oinarritzen da. Honek guztiak ezinbestean egunerokotasunean proposatzen ditugun espazio, material, ordutegi eta jardueretan eragin zuzena izango du. Bi momentu nagusi desberdindu ditzakegu:

 

Jolas-autonomorako tartea: haurrari zeinekin eta zertara jolastu nahi duen aukeratzeko aukera ematen diogu. Jolasa da haurraren ekintza naturalena, honen bitartez ikasten du, bere sormena azaleratzen da, den bezala agertzen da, inguruan dituen pertsonekin harremantzen da eta bere nortasuna eraikitzen du. Momentu honetan haurraren ekintzak eta autonomiak protagonismo berezia dute eta Zurriolako ikaslearen irteera profileko Autonomo, Ekintzaile eta Sortzaile ezaugarrien garapenean eragiteko oso garrantzitsua izango da.

 

Jolasa ahalik eta aberatsena izan dadin, helduok bertan proposatzen ditugun espazio edo gune eta material desberdinen inguruko hausnarketa egiten dugu. Espazioak gune desberdinetan antolatzen ditugu, interes, garapen momentu eta adimen desberdinei erantzuteko.

 

Elkargunea: Tutore erreferenteak gidatutako momentua da. Haur taldea elkartuko da eta bertan pentsamendu logikoarekin eta ahozkotasunarekin zerikusia duten proposamen desberdinak egingo ditugu, besteak beste, olerkiak, ipuinak, abestiak, asmakizunak, gai desberdinen inguruko elkarrizketak…

 

Bi proposamen orokor hauek elkar elikatzen dira: jolas autonomoaren momentutik elkarrizketa eta interes-guneak sortzen dira elkargunerako eta alderantziz, elkargunean jolas autonomorako hainbat proposamen egiten dituzte haurrek.

 

Gure proposamenaren berri Irutxuloko HITZAn argitaraturiko elkarrizketa honetan aurkituko duzue.

 

Bi momentu hauetan haurrei egingo dizkiegun proposamenek Zurriolako Ikaslearen Irteera profilean zehaztutako ezaugarriak txiki-txikitatik garatzea dute helburu.