Skip to main content

Proiektuak

ELEANITZ PROIEKTUA

Eleanitz 1991n Ikastolen Elkarteak sortu zuen proiektu bat da, ikasleak Europa eleanitz eta kulturaniztun bateko etorkizuneko herritar gisa hezi eta prestatzeko. Praktikan, euskara eta gaztelaniaz gain ingelesa eta frantsesa barne hartzen ditu esparru metodologiko eta curriculum komun batean. Hizkuntza-proiektu integratu hau 4 - 16 urte dituzten ikasleei bideratua dago, eta hizkuntza horiek irakasteko eta ikasteko curriculumak, materialak eta prestakuntza barne hartzen ditu.

 

Berezitasuna ingelesaren irakaskuntza goiztiarrean eta bigarren hezkuntzan ikasgai batzuk ingelesez lantzean datza. Frantsesari dagokionez, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren hasieran hasten dira ikasle guztiak hizkuntza hau ikasten.

 

Zurriola Ikastolan egiten dugun irakaskuntza ele-askotarikoaren planteamendua honako hau da:

ETAPA EUSKARA GAZTELANIA INGELESA FRANTSESA
HH x   x*  
LH x x x  
DBH x x x x
BATX x x x x
*HH4tik aurrera

 

Haur hezkuntzako etapan gure helburua haurrarengan ingelesarekiko interesa piztea da, honekin harreman positibo bat eraikitzea, betiere modu ludiko eta atsegin batez.

 

Astean zehar HH4 eta HH5eko talde bakoitzak ingeleseko bi saio ditu. Hauetan Artigal-en “Ready for a Story” metodoa erabiltzen dugu, Eleanitz proiektuaren lehen zikloan lantzen dena (4 eta 5 urteko haurrekin). Istorioetan oinarritzen da, eta hasieran istorioak antzezpen kolektiboen bidez kontatzen dira. Emozioz jositako ipuinak dira, eta haurrak ez dira ikusleak, aktoreak baizik, pertsonaiek esaten duten guztia errepikatzen duten aktoreak. Ikasturtean zehar ipuinak modu honetan landuko ditugu astean zehar ingeleseko gelan egingo ditugun bi saioetan.


BASOESKOLA

2019-2020 ikasturtean ekin genion proiektu honi. Honetan bidelagun ditugu Ekogunea fundazioko hezitzaileak. Proiektu hau momentuz haur hezkuntzako adineko haurrekin aurrera eramateko pentsatua dago. Naturarekin kontaktuan egotea onuragarria da guztiontzat eta beharrezkoa, batez ere adin hauetan.

 

Proiektuak oinarri sendoak dauzka, herrialde desberdinetan martxan daukate aspalditik eta ikerketa desberdinetan ondorioztatu da haurren ongizatea nabarmenki hobera egiten duela naturarekin kontaktu zuzen eta jarraia duenean.

 

Gure ikastolaren inguruan proiektuaren helburuak betetzen dituen naturguneak identifikatu ditugu eta horietara joaten gara astean behin, momentuz, HH5eko haur taldeekin. Irutxuloko HITZAn argitaraturiko elkarrizketa honetan aurkituko duzue gure basoeskola proiektuaren inguruko informazio gehiago.


PSIKOMOTRIZITATEA

6 urte arte, haurra gorputzaren bidez bizi eta komunikatzen da. 6 urtetik aurrera, gorputzaren bidezko komunikazioa gutxitzen doa, eta ahozko hizkuntzak indar handiagoa hartzen du.

 

Psikomotrizitateko saioa, gorputzaren bidez adierazpen librea ahalbidetzen duen unea da, "gorputzean" eta "gorputzaren bidez" adierazteko bidea ematen duen testuinguru bat; norberaren “Nia” eraikitzen laguntzen duena.

 

Psikomotrizitate gelan proposatzen dugun saioan haurrak “bidaia" bat egingo du gorputz osoa inplikatzen duen jolasetik adierazpen sinbolikora. Proposamen hau orokorra da baina adinaren arabera saioak aldatuko dira, haurraren garapen fasea dela eta.

 

Psikomotrizitate saioetako jarduera, ondoren adierazten dena lortzera bideratua izango da:

  • Haurraren komunikazioa erraztea, hasieran hitzik gabekoa, eta pixkanaka hizkuntzaren bidezko komunikazioa sartuz.
  • Ekintza eta jarduera sortzaileak estimulatzea.
  • Haurraren autonomia garatzea.

Haurrak psikomotrizitate gelara astean behin joango dira.


ELKARBIZITZA ETA “KUKU! EMOZIOEN PROGRAMA” HAUR HEZKUNTZAN

Ikastolen Elkarteak Haur Hezkuntzarako “KUKU! EMOZIOEN PROGRAMA” garatu du eta gurean aurten abiatuko dugu HH4ko mailan. Programa honek, dagoeneko egunerokotasunean lantzen ditugun emozioen munduan sakontzeko aukera emango digu: oinarrizko emozioak haurrekin landu, norberaren emozioak ezagutu, hauek kudeatu eta poliki-poliki besteenak hobeto ulertzen hastea, alegia. Hau guztia egiteko, gaian adituak diren profesionalek eskainita formakuntza bat jasoko dugu, baita berariaz sortutako materiala eskura eduki ere (album ilustratuak, hormairudiak, emozio txartelak...). Ikastolan lantzen duguna familiekin partekatzea ere garrantzitsua dela uste dugunez, Ikastolen Elkarteak antolatutako saioetan ere parte hartzeko aukera izango dute gurasoek, baita materiala etxean izateko aukera ere.