Skip to main content

Etaparen ezaugarriak

Ikaslea nerabezaroan sartzen da bete-betean etapa honetan. Pertsonaren izanaren eraikuntzan garrantzi handiko etapan, hain zuzen ere. Sasoi honetan garrantzi berezia izango dute garapen biologiko, psikologiko, sozial eta sexualak.

 

Gorputza asko aldatuko da eta maila fisiologikoan ere eraldaketa sakonak gertatuko dira: pertsona heldu baten gorputza duen haurra. Desoreka handia emango da, beraz, diruditenaren eta direnaren artean.

 

Ikaslea heldu izateko prozesuan ari da, eta gizartean bere tokia bilatzeko identitate berria bilatzen dihardu.

 

Gero eta ardura gehiago hartzen hasi beharko du; bere norabide akademikoa zirriborratzen hasiko da, eta lehen hautuak egingo ditu. Intelektualki ere aldaketa garaia da; arrazonamendu eta pentsamendu formalaren eta abstraktuaren hastapenetan baitago ikaslea. Teoriak sendotzen hasten da nerabea, argudiatzeko eta analisirako gaitasunak bereganatu ditu eta balioen eskalak egingo ditu. Egindako akats eta landu beharrekoen kontzientzia izango du ikasleak eta hauek identifikatuz egingo du aurrera bere ikaskuntza prozesuan.

 

Testuinguru honetan, etapa honen helburua, ikasleak, jasotako edukiak eta analisirako gaitasuna lantzea eta garatzea dira: jakintza berrietan eskarmentua hartu, trebatu, eta egoera konplexu berri horiek ebatzi ahal izateko ikasitakoa erabili, eta mobilizatu, era integratuan. Gaitasun horiek garatzeko, Ikastolen Elkarteak diseinatutako EKI proiektu erabiltzen dugu.

 

Irakasleak tresnak emango dizkio egoera berri horiek ebazteko, eta baliabide desberdinak eskainiko dizkio bere ibilbidean aurrera egin ahal izateko. Hori guztia bi ziklotan:

  • 1. ZIKLOA: DBH 1. maila eta DBH 2. maila (13-14 urte)
  • 2. ZIKLOA: DBH 3. maila eta DBH 4. maila (15-16 urte)