Skip to main content

Proiektuak

EKI PROIEKTUA

Euskal Curriculumaren garapenerako jaio den lehen ikasmateriala da EKI, 2013-2014 ikasturtean DBH 1. mailan abiatu zena eta gaur egun LH4tik DBH 4. mailaraino lantzen dena.

 

Curriculum horrek agintzen duen moduan, konpetentzietan oinarritutako ikasmateriala darabil metodologia berriak. Gainera, integrazioaren pedagogia bultzatzen du, hau da, ikasleak benetako egoera esanguratsuen aurrean jartzen ditu eta irtenbideak aurkitzen ikasten dute, gelan ikasitakoa gero egoera berrietan baliatzeko. Edozein bizitza-egoeratan konpetentea izatea lortu behar du ikasleak: pentsatzen eta ikasten, komunikatzen, elkarrekin bizitzen, norbera izaten eta egiten eta ekiten jakin behar du.

 

EKIk honako ezaugarriak ditu:

  • Konpetentziak landuz ikasi eta irakasten da. Bizitzako egoera eta eremu guztietan (pertsonala, soziala, akademikoa, lanekoa) eraginkortasunez jarduteko prestatzea da helburua.
  • Euskal kultur ibilbidean eta curriculum ofizialetan oinarritzen dira. Ezagutzak (kontzeptuzkoak, prozedurazkoak) euskarri dira, ikastea beharrezkoa da, baina ez da nahikoa.
  • Ikasgai guztietan prozedura bateratua da. Modu koordinatuan burutzen dira unitate didaktikoak sei ikasgai nagusietan.
  • Euskara ardatz duen hizkuntzen planteamendu integratua egiten da, ikasgai guztietatik heltzen zaio konpetentzia linguistikoari.
  • Informazio eta komunikazio teknologia berriak erabiltzen ditu, ikasgai guztietan.

ELEANITZ PROIEKTUA

Eleanitz 1991n Ikastolen Elkarteak sortu zuen proiektu bat da, ikasleak Europa eleanitz eta kulturaniztun bateko etorkizuneko herritar gisa hezi eta prestatzeko. Praktikan, euskara eta gaztelaniaz gain ingelesa eta frantsesa barne hartzen ditu esparru metodologiko eta curriculum komun batean. Hizkuntza-proiektu integratu hau 4 - 16 urte dituzten ikasleei bideratua dago, eta hizkuntza horiek irakasteko eta ikasteko curriculumak, materialak eta prestakuntza barne hartzen ditu.

 

Berezitasuna ingelesaren irakaskuntza goiztiarrean eta bigarren hezkuntzan ikasgai batzuk ingelesez lantzean datza. Frantsesari dagokionez, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren hasieran hasten dira ikasle guztiak hizkuntza hau ikasten.

 

Zurriola Ikastolan egiten dugun irakaskuntza ele-askotarikoaren planteamendua honako hau da:

 

ETAPA EUSKARA GAZTELANIA INGELESA FRANTSESA
HH X   X*  
LH X X X  
DBH X X X X
BATX X X X X
*HH4tik aurrera