Ekosistemak ikasten ari garenez, LH5eko ikasleak Plaiaundira joan ginen ostegunean, bertako hegaztiak behatzera. Zikoinak, ahateak, antzarak... Bertatik bertara ikusteko aukera paregabea izan genuen!!
Asteartean, LH 4ko ikasleak Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren emanaldiaz gozatzera hurbildu ginen Kursaalera. Bertan kontatuko istorioarekin bat eginez, maskarak prestatu genituen aurretik Ikastolan, eta jo zituzten piezak koreografia politekin lagundu genituen.
Aurten ere udaberriko oporraldietarako egonaldiak antolatu ditugu Zurriola Ikastolan, Bera Bera elkartearekin elkarlanean, HH3tik LH6ra bitarteko ikasleentzat. Bi txanda izango dira: martxoaren 25etik 27ra bitartekoa batetik, eta apirilaren 2tik 5era bitartekoa bestetik.
Soroa eta Ategorrietako atarietan zenbait jarrera desegoki antzematen ari gara arratsaldeetan, eskola-ordutik kanpo atariak irekita mantetzen diren tarteetan: larruzko baloiak eremu desegokietan, barandak txirristra bezala edo eskalatzeko leku bezala erabiltzea, kontainerrak lekuz mugituz jolastea edota barrura sartzea, txakurrak Ikastola barrura sartzea, patinete eta patinekin ibiltzea… Familiei ere dei egiten dizuegu guztion artean halako jarrerak saihestu ditzagun.
Hilabete baino gutxiago falta da 23. Korrika Donostiatik pasatzeko, eta, beti bezala, Zurriola Ikastolak ibilbide ofizialeko kilometro bat babestuko du. Aurtengoan, jangelako langileak omendu nahi ditugu, egunero-egunero gure seme-alabek goxo-goxo bazkaldu dezaten egiten duten lanagatik. Horretarako, Ikastolako langileon artean lanean urte gehien daraman Idoia Arcelusek eramango du lekukoa.
Datorren martxoaren 1ean, "Infinitum” lana estreinatuko du Zurriola Antzerki Eskolako amateur taldeak, 19:30ean Kontadoresen. Bertan bizitzaren inguruko galdera mordoa izango dugu, fartsatik abiatuta eta oso modu umoretsuan! Animatu taldeak sortutako bidaia honen lehen ikusleak izatera!
Astelehenean LH 1, 2 eta 3ko ikasleok Antzoki Zaharrean izan ginen, zinemaz euskaraz gozatzen. “Yhuku eta Himalaiako lorea” ikusteko aukera izan genuen!
DBH 2ko Ongizate Fisiko eta Emozionaleko ikasleok Yoga landu dugu bigarren ebaluazioan, eta Soroara hurbildu gara gaur, HH5eko ikasleei ikasitakoa erakustera. Zeinen polita den ikasitakoa txikiekin partekatu ahal izatea!
1. batxilergoko Frantseseko ikasleok Bordelera iritsi berri gara, asteburu pasa! Hiria ezagutu, merkatuak bisitatu eta orain arte ikasi dugun frantsesa praktikan jartzeko asmoz etorri gara, eta gogotsu hasi dugu asteburua! Bon weekend à tous!
DBHko Ikasleen Euskara Batzordeak lehiaketa musikatua antolatu du, eta urtarrilaren 29tik gaur arte egon da martxan DBH osoan. Euskal kultura eta aisia uztartzeko asmoz antolatu da kanpaina, eta gaur jakin dugu nor izan diren irabazleak! Zorionak Inge, June, Malen eta Maria!! Eta eskerrik asko antolaketa lanetan aritu zareten guztioi!