Mugikorra (smartphone) zenbat eta beranduago hobe! eta bere erabilera egoki baten alde!
2021-2022 ikasturtean guraso talde bat elkartu ginen kezka bat genuelako: MUGIKORRA.
12 urterekin, DBH1 hasi berritan, gure seme-alabak mugikorrak eskuetan irudikatzen genituen. Irudi horrek ezinegona eta kezka sorrarazten zigun, ekidin behar genuen.
Taldean hausnarketak eta infomazioa partekatuz, indarrak batuz, arrakasta izango genuela sentitu genuen. Hori guztia bideratzeko ikastolan TEKNOIZ taldea sortu genuen.
Helburu bat genuen eta dugu gaur egun ere: gure seme-alabek mugikorra izateko adina atzeratzea ahalik eta gehien. Zenbat eta beranduago eman hobe. Adituekin bat egiten dugu eta gure helburua 16 urte arte mugikorrik ez ematea da. Gurasoen artean batu eta adostasunetara iritsiz goaz pausuz pausu adin hori atzeratzen.
- Nerabeek ez dute mugikorrik behar.
- BIOLOGIKOKI EZ DAUDE PREST, EZ DUTE HELDUTASUN MAILA NAHIKORIK MUGIKORREN ERABILERA EGOKI BAT EGITEKO.
- Mugikorra ez da tresna neutro bat, adiktiboa da.
- Erabilera desegoki batek arrisku asko ditu: menpekotasuna, isolamendua, depresioa, antsietatea, autoestimu baxua, loarekin arazoak, arreta arazoak, etab. luze bat.
- Interneterako sarbideak ere arrisku asko ditu: ziber-jazarpenak, sexu-jazarpen birtuala, biolentzia eta sexu irudi desegokiak, etab.
Aldi berean, heziketa integral bat behar dugu gai honen inguruan; bai familian eta bai ikastetxean. Kontzientzia piztu eta erabilera arduratsu eta kritiko baten aldeko lanketan jardun behar dugu; bai mugikorren erabileran eta baita mota guztietako pantailen erabileran ere.
Honetan guztian gurasook daukagun ardura azpimarratu behar dugu. HELDUOK EREDU GARA. ARDURAZ jokatu behar dugu. Esaten dugunak baino gehiago balio du egiten dugunak. Beraz, guk ere mugikorrarekin harreman osasuntsu bat eraiki dezagun!
Hasiera-hasieratik lanketa honetan guztian bidelagun izan ditugu, bai ikastola bera eta baita “Bidelagun” elkartea ere. Hainbat hitzaldi eta formakuntza saio antolatu dira ikasle eta gurasoekin, Bidelagun elkarteko Miren Rosen eskutik.
Gurasook aurretik daukagun erronka itzela da. Gurasoen arteko sare bat osatu eta taldean bat eginda jokatu behar dugu, gure seme-alaben ongizatearen alde. Indarrak batuz emaitza hobeak lor ditzakegula sinetsita gaude, horrela erakutsi digute beste eskoletako hainbat esperientziek ere.
Guraso bezala hartutako erabakia dena delakoa ere, denok ditugu kezkak, ziurgabetasunak, beldurrak…; bai mugikorra erosteko adina ateratzeko bidean eta bai, behin mugikorra eman ondoren, erabilera arduratsu bat lortzeko bidean.
Kezka eta beldur horiek guztiak, bakoitzaren esperientziak, praktika onak, etab. partekatzeko gunea da TEKNOIZ Beraz, egon adi gure deialdietara eta parte hartu.
Gurekin harremanetan jartzeko, edozer gauza aipatzeko bada ere: teknoiz@zurriolaikastola.eus